Proiektu horien aurka dagoela adierazi du, eta balio estrategiko handikotzat kalifikatutako nekazaritza-lurra okupatzea saihesteko eskatu du.
Agurain. 2025/04/14 | Aguraingo Udalak Cañaveras Solar S.L. enpresari eskatuko dio udalerrian kokatu nahi dituen proiektu fotovoltaikoak berriz azter ditzala. Hala jasotzen da gaur arratsaldean Batzorde Informatiboan eztabaidatuko den eta biharko deitutako Osoko Bilkuran onartuko den ekimen batean. Cañaveras Solar S.L. enpresak bi instalazio fotovoltaiko proiektatzen ditu Agurainen. Horietako batek 15,75 MWko potentzia duen instalazio fotovoltaiko bat aurreikusten du, 22,22 hektarea hartuko lituzketen 21.720 panelekin, eta horietatik 14 hektarea balio estrategiko handiko nekazaritza-lur gisa kalifikatuta daude. Besteak, 30,9MWko potentzia instalatua aurreikusten du, 50 hektareako okupazioa gaindituko luketen 48.960 panelekin.
Egoera horren aurrean, Aguraingo Udalak Cañaveras Solar S.L. enpresak bultzatutako proiektuen aurka dagoela adierazi du, oraingoz bere asmoekin jarraitzen baitu Udalak egindako eskaerei jaramonik egin gabe. Horregatik, Udalak eskatu dio balio estrategiko handiko nekazaritza-lurrak ez okupatzeko, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metrora dagoen salbuespen eremu bat bermatzeko.
Horrez gain, Aguraingo erakunde publiko, sozial eta ekonomikoei proiektu energetikoak ustiatzeko sortutako sozietatearen jabetzan parte hartzeko eskatu dio enpresari.
"Udal Gobernuak hainbat eskaera egin dizkio enpresari proiektu hau energia berriztagarriaren hedapenari ekiteko defendatzen ditugun printzipioetan txertatzeko: gure eremu babestuak eta balio estrategiko handiko nekazaritza-lurrak babestea eta energia-ekoizpenaren demokratizazioan urratsak egitea, gure komunitateak proiektuetan parte hartuz. Eta orain arte ezezko erantzuna jaso dugu. Horregatik gaude proiektu hauen aurka ", gogorarazi du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.
Azkenik, gaur arratsaldean Informazio Batzordean eztabaidatu eta bihar Osoko Bilkuran onartuko den testuan, berretsi egiten da Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu behar duela berriztagarrien hedapenean ordena jartzeko betebeharra, gure lurraldearen energia-beharrei erantzungo dien trantsizio energetiko justu eta demokratikoa bermatuko duten deliberazio-prozesuak bultzatuz.