AKTUALITATEA


| 2025-06-23 09:53:00

400.000 euroko partida izango da, besteak beste, kultura, ingurumena, ekonomia edo turismoa barne hartuko dituen biziberritze-plan bat idazteko, kanpoko laguntzarekin

Araba. 2025-06-23 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak agerraldia egin du gaur kontzejuak bultzatzeko ildo bat aurkezteko, biziberritzeko planen idazketari esker. 400.000 euro dira laguntzetan, EH Bilduk Foru Gobernuarekin lortutako akordioaren ondorioz.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak gogorarazi du EH Bilduk proposatu zuela herriak eta kontzejuak biziberritzeko Abagune plana garatzea. 2021ean, EH Bilduk proposatu zuen herriz herriko azterketa diagnostiko sakon bat egitea, landa-gune bakoitzaren beharrak, kezkak, ahalmenak eta itxaropenak aztertzeko, ondoren bakoitzak bere ibilbide-orria zehaztu ahal izateko.

«Planaren helburua zen Arabako herri txikiak eta bertako biztanleak ahalduntzea, lurraldean ematen diren zerbitzuak berdinduz, hiri-eremuan eta landa-eremuan bizi direnak maila berean jartzeko», azaldu du Lopez de Arroyabek.

Aurrekontu-partidak bi fase izango ditu. Javier Argotek, EH Bilduko batzarkideak, laguntzei buruzko xehetasunak eman ditu: «Aurrekontu partida honi dagokionez, lehen fase honetan, hori izango da finantzaketaren helburua, hau da, Aldundiak aholkularitza ordainduko du kontzejuetako biztanleek eta gizarte eragileek parte hartuko duten plana idazteko. Helburua da kultura-, ingurumen-, ondare-, gizarte- edo ekonomia-inpaktuko jarduerak eta hobekuntzak proposatzea, besteak beste. Bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko proposamenak, edo herriaren erakargarritasuna turismorako, bizitegietarako, ekintzailetzarako eta abarretarako».

Argotek adierazi du bigarren fasearen finantzaketa planean adostutakoa gauzatzeko erabiliko dela. «Horregatik da hain beharrezkoa lehen fase honetan parte hartzea», azpimarratu du. Gainera, Argotek nabarmendu duenez, «ez da beharrezkoa aldez aurreko ideia bat edo asmo zehatz bat izatea, aholkularitza-enpresa baten kanpo-laguntzari esker zerotik hasi ahal izango baita, edo biztanleek eta administrazio-batzarrek dagoeneko partekatzen dituzten proposamenetatik abiatu». Eskabideak aurkezteko epea ALHAOn argitaratzen denetik 2025eko abuztuaren 2ra arte luzatuko da.

Eva Lopez de Arroyabek berretsi egin du EH Bilduk herriak eta kontzejuak biziberritzeko duen konpromisoa. «EH Bildutik beti defendatu dugu herriei autonomia emateko beharra: kontzejuek tresnak izan behar dituzte beren etorkizuna diseinatzeko eta, batez ere, etorkizuna erabakitzeko».

«EH Bilduk lortutako akordioari esker, herri bakoitzak erabaki ahal izango du zein lan ildok izan behar duten lehentasuna, bere beharrizan, gabezia edo nahien arabera», esan du Lopez de Arroyabek.