Eusko Jaurlaritzak Basorda kalaren ingurua akuikultura-zentro bihurtzeko planak jendaurrean azaldu zituenetik hamar urte igaro direla kontuan hartuta, horrek esan nahi du prozesu hori ez dela kudeaketa eraginkorraren adibide izan EH Bilduren ustetan. Ala ere, positibotzat jo du formazio soberanistak iragarkia, inguruan enplegua eta jarduera ekonomikoa sor ditzakeelako, nahiz eta, nolanahi ere, alde ekonomikoak eta ingurumenekoak sakon baloratuko dituen eta ea proiektua bateragarria izan daitekeen inguruneko errealitatera egokitzen diren erabilera ekonomikoekin.
Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak gogorarazi du EH Bilduk urte asko daramatzala gai hau lantzen «eta uste dugu bultzada hartu duela, hain zuzen ere, Uribe Kostako Mankomunitatean egindako proposamenaren iragarpenetik, alegia, parte-hartze eta entzute prozesu baten aldeko proposamenarekin. Izan ere, guk Batzar Nagusietara eta Eusko Jaurlaritzara eraman dugu ekimena».
Lehendakariaren iragarpena egoki ikusi du EH Bilduk, agerian uzten duelako Eusko Jaurlaritza ulertzen hasia dela Lemoizko zentrala eta Basordasko kala izango zenaren espazioa jarduera ekonomikoak garatzeko eremu industrial bat baino askoz gehiago dela. «Hau EH Bilduren aldarrikapen historikoa izan da, ingurua modu integral batean ulertzea. Beharrezkoa eta egokia da ingurune horretara beste jarduera batzuk erakartzea, eta, gure ustez, industria-jarduerarako erabiltzen diren hektareak multzoaren zati bat dira, baina askoz ere zati handiagoa dago, gaur egun eremu naturala, eta horri buruzko erabakiak hartu behar dira. Atzoko iragarpenak zentraleko eta inguruneko lurren berroneratze integralari buruzko eztabaida mahai gainean jartzeko balio beharko luke, arlo ekonomikoei, ingurumena berreskuratzeari, kultura-ondareari eta memoriaren gaiari heltzeko.
Inguruaren etorkizuneko diseinua eztabaida sozial zabal baten baitan antolatzea proposatu du EH Bilduk, herritarren parte-hartzea jasotzeko bermeekin, entzuketa prozesu baten bidez. Prozesua, EH Bilduren arabera, gobernantza eredu parte-hartzailean oinarrituta planteatu beharko litzateke, erakunde guztien iritziak kontuan hartuko dituena, baita eskualdeko eta lurraldeko herritarrenak eta eragileenak ere.
Bestalde, Lemoizko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) prestatzen ari da, eta Jesús Mari Arizmendi alkateak azpimarratu duenez, prozesu horretan «erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Elkarrekin aztertu beharko dugu lehendakariak atzo aurkeztu zuen proiektuak ordenamendu honetan izan dezakeen ahokadura. Orain arte harremana oso emankorra izan ez bada ere, jarrera aldatu dela uste dugu, eta aurrerantzean elkarlanean lan egin ahal izatea espero dugu».