AKTUALITATEA


| 2025-12-10 11:36:00

EAJk eta PSEk argi utzi dute EH Bildurekin negoziatzeko duten borondate falta. Bide errazena hartu du foru gobernuak, akordio merkea eginda, eta honenbestez, Gipuzkoak aukera galdu du aurrekontu hobeak izateko.


EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026rako aurkeztutako aurrekontuei jarritako osoko zuzenketa Gobernu honen jarduteko moduari egindako zuzenketa politikoa ere bada, aurrekontuei egindako zuzenketa izateaz gain; EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek nabarmendu duenez. Zentzu horretan, azaldu du aurrekontuen negoziazioa eragotzi duena Gobernuaren borondate politiko falta izan dela eta aurrez ezarritako elkarrizketa-bideak irekitzeko aukerak bazterrean utzi izana. EH Bilduk uste du Gobernuak aurrekontuekiko “adhesioa” eskatu duela besterik gabe, elkarrizketa eta balizko akordioak zailduta. Eta hasieratik argi izanda ez duela EH Bildurekin akordioak egiteko borondaterik. Hain zuzen, jarduteko modu horri egin dio interpelazio zuzena Iriartek gaurko osoko bilkuran.


Une honetan EAJ eta PSEk Elkarrekin Gipuzkoarekin adostu duten aurrekontu proiektuak ez dio erantzuten Gipuzkoak dituen beharrei eta aurrez aurre dituen erronkei. Akordio merkea da, bide errazena hartu du foru gobernuak eta aukera galdu du aurrekontu hobeak izateko.


Zaintza-sistema erdigunean: “Nola izango garen zainduak; hori erabakitzea eta urrats sendoak ematea da gakoa”.


EH Bilduk ohartarazi du Gipuzkoako gizartea azkar zahartzen ari dela, eta zaintza-sistema “herritarren eskubide bati” erantzuteko moduan antolatzeko unea dela; ez adabakiak jartzekoa. Horregatik, Iriartek gogorarazi duenez, Aldundiari egindako 20 milioi euroko proposamenak zaintza-sistema “duinago eta unibertsalago baterantz” urratsak ematen hasteko bidea irekitzen zuen, hasierako proposamenak 24 milioi euro jasotzen bazituen ere. Elkarrekin Gipuzkoarekin egindako akordioak, baina, diru partida hori nabarmen apaltzen du, eta ez du argi uzten nola eta zein epetan egingo den benetako eraldaketa:

- Koordainketa murrizteko bide-orria ez da martxan jarri.

- Balorazio mediko eta sozialak publiko bihurtzeko konpromisoak ez dira zehaztu.

- Etxean zainduak izateko prestazioak ez dira eguneratu, eta behin-behineko zaintza beharrak ere ez.

- Zaintza-zerbitzuen irabazi asmoa ezabatzeko neurririk ez da zehaztu.


Hori guztia aurrekontuetan jasotzea ezinbestekotzat jo du Maddalen Iriartek izan ere, “gipuzkoar askoren bizi-kalitatea dago jokoan, eta milaka zaintzaileren lan-baldintzak ere bai”. Horregatik, EH Bilduren eledunak argi utzi du zaintza zerbitzuek ezin dutela izan irabazi asmorik; eta unibertsaltasunera jo beharra dagoela”. Agerian gelditu da, ordea, diru bilketak horretarako aukera ematen zuen urtean, Aldundia osatzen duten EAJren eta PSEren anbizio falta nabarmena lurraldeko lehen indarrarekin elkarguneak bilatzeko. Gipuzkoarrentzat aukera galdu bat izan da.
Zaintzaz gain, EH Bilduk beste arlo estrategiko batzuk ere hartu ditu kontuan aurkeztutako zuzenketan, eta halakorik ez da jaso Aldundiaren eta Elkarrekin Gipuzkoaren arteko akordioan:

- Erronka energetiko eta klimatikoari erantzuteko neurriak (mugikortasuna, trantsizio energetikoa, komunitate energetikoak…).

- Industria eta I+G sustatzea, lan-baldintzak eta talentua errotzeko.

- Lehen sektorearen babesa eta elikadura-kate jasangarria indartzea.

- Euskara eta harrera politikak sendotzea, egoera soziolinguistikoaren okertzearen aurrean.

EH Bilduren ustez, horiek guztiak “egingarriak” dira. Baina horretarako, “borondate politikoa behar zen, eta Gobernuak ez du halakorik erakutsi”.


“Herritarrek gobernatzeko beste modu bat merezi dute”.


Hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak Gipuzkoako erronka estrategikoei erantzuteko “norabide aldaketa” proposatzen du, eta gobernantza eredua aldatzea ere bai. Iriarteren esanetan, herritarrek merezi zuten Aldundiak saiakera zintzoa egitea horretarako, eta ez bide errazena hartzea. Zentzu horretan, EH Bilduk uste du ezkerrak ezin duela bere bokazioa ahaztu, gizarteari begirako egiturazko erantzunak emate aldera. “Ikusi besterik ez dago ezkerrak tamainako erantzunak ematen ez dituenean zer gertatzen den; Europa eta Espainiako estatura begiratzea nahikoa da”, ondoztatu du Iriartek.