Ezker subiranistak, egungo dirulaguntzen zaintza duina bermatzen ez dutela ohartarazita, proposatu du mendekotasunaren hirugarren gradua duten pertsonen zaintzaileentzako laguntza Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea, Gipuzkoako egoera sozioekonomikora egokituta.
EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan proposatu du etxean ematen den zaintza lana duintzea, eta horretarako ezinbestean, egun ematen diren dirulaguntzak igotzea. Izan ere, EH Bildu batzarkide Esti Elduaienek nabarmendu duenez Gipuzkoan adinekoen %85ek baino gehiagok etxean zaindua izan nahi du, baina, egun, sistema publikoak ez du bermerik eskaintzen zaintza hori kalitatezkoa izan dadin.
Elduaienek gogoratu du, egun gizarte zerbitzu publikoek hiru tresna eskaintzen dituztela pertsona bat bere etxean zaintzeko: etxez etxeko laguntza zerbitzua, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa, zaintzaile bat kontratatzera bideratutakoa; eta Familia Ingurunean Zaintzeko Prestazio Ekonomikoa, zaintza senide batek egiten duenean emate den laguntza ekonomikoa.
Azken bi kasuetan, Aldundiak ematen ditu dirulaguntzak. EH Bilduren arabera, ordea, laguntza horiek ez dira nahikoak pertsona baten zaintza behar bezala bermatzeko. Pertsona bat kontratatzen denean, dirulaguntzak eguneko ordu batzuk soilik estaltzen ditu, eta gainerako zaintza familiaren bizkar geratzen da. Zaintza senide batek egiten duenean, berriz, jasotzen den diru kopurua are txikiagoa da, eta horrek prekarietatea areagotzen du, bereziki zaintza lanetan aritzen diren emakumeen kasuan.
Horregatik, EH Bilduk proposatu du mendekotasunaren hirugarren gradua duten pertsonak zaintzeko ematen den dirulaguntza Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea. Gutxieneko soldata horrek, hori bai, Gipuzkoako eta Euskal Herriko egoera sozioekonomikora egokitua izan beharko luke, Estatuko erreferentziak ez baitu balio euskal herritarren duintasuna bermatzeko.
EH Bilduren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak badu ahalegin hori egiteko gaitasuna, are gehiago kontuan hartuta lurraldeak inoizko diru bilketa handiena izan duela. Lehentasunak non jarri, hori da kontua, eta ezker subiranistaren iritziz, unea da baliabide publikoak pertsonen zaintzan behar bezala inbertitzen hasteko.
Ebazpen-proposamena datorren asteartean, martxoaren 11an eztabaidatuko da, Zainketen eta Gizarte Politiken Batzordean.