AKTUALITATEA


| 2026-03-12 13:42:00

EH Bilduk Amara Berrin Topoa estali beharra aldarrikatu du gaur Legebiltzarrean auzoko bizilagunek pairatzen dituzten zarata arazoak konpontzeko, eta, hortaz, Morlans-Anoeta tartean trenbidea estaltzeko konponbide integrala emateko eskatu die Jaurlaritzari eta ETS-Euskal Trenbide Sareari, Donostiako Udalarekin elkarlanean. Proposamena, baina, ez da onartu, EAJ PSErekin lerrokatu delako, kontrakoa botoa emanda.

Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak Amara Berriko bizilagunek trenbidea estaltzeko eskatzen dutela gogorarazi du, eta horixe bera onartu dutela Donostiako Udalak zein Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bi kasuetan EH Bilduren eta EAJren botoekin. Gaur, aldiz, ez da hala gertatu Legebiltzarrean, EAJk EH Bilduren ekimenaren kontra bozkatu duelako.

Villalbak jeltzaleen atzerapausoa kritikatu du horregatik, ulergaitza delako Donostian gauza bat esatea eta beste bat Legebiltzarrean. “Koherentzia da Udaletxean, Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean gauza bera esatea, baina hemen EAJk PSErekin joatea eta alderdiko interesak lehenetsi ditu. Ez ditu auzokideen interesak lehenetsi. Koherentzia eskatzen diogu”.

EH Bilduko legebiltzarkideak, Amara Berriko bizilagunek bezalaxe, Topoa estaltzea defendatu du, mahai gainean dauden beste bi alternatibek (soterramendua eta pantailak jartzea) baino abantaila gehiago dituelako. “Soterramendua oso zaila  da teknikoki eta garestia ere bada; pantailena oraindik garatu gabe dago eta ez du bermatzen arazoa benetan konpontzea; Morlans-Anoeta tartea estaltzeak, ordea, zarata arazoak konpontzen ditu eta, aldi berean, trena hirian hobeto integratzea ahalbidetuko luke”.