EH Bilduk IV. Konferentzia Munizipalista egingo du otsailaren 21ean Burlatan, ‘Konfiantzarekin bat egin’ lelopean. Bertan parte hartzera deituta daude ezker soberanistako ehunka alkate, zinegotzi eta tokiko kargu instituzional.
Topaketa honekin, Euskal Herri osoko lehen indar politiko eta munizipalistak agendaren erdigunean kokatuko ditu berriro ere etxebizitzaren eta bizitoki-larrialdiaren problematika, baita horiei konponbidea emateko beharrezko politika publikoak adostu ere. Horrela, eta ezegonkortasunak eta autoritarismoaren gorakadak markatutako nazioarteko testuinguruan, EH Bilduk konfiantza eremu bat eskaintzen du berriro, herritarren bizi-segurtasuna bermatzea helburu duen elkarlaneko gobernantza baten bidez.
Ezker soberanista sinetsita dago agintarien eta erakundeen lehentasuna jendea babestea eta bizi-baldintza duinak ziurtatzea izan behar dela. Horregatik, konfiantza eta itxaropenerako deia ere bada otsailaren 21eko hitzordua.
EH Bilduk kudeaketa esperientzia arrakastatsua pilatzen du ehunka udaletan, gure herri luze-zabalean, etxebizitza eskubidea bermatzera bideratutako politiken adibide ugarirekin: etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea, alokairuaren prezioak mugatzea, ehunka gazteren beharrei erantzuteko etxebizitza hutsak mobilizatzea edo etxebizitza publiko eta babestuaren eraikuntza bultzatzea.
Ezker subiranistarena gobernantza eredugarria da kudeaketa publikoari eta erakunde-etikari dagokienez, eta oso urrun dago azken egunotan kezka bereziarekin ezagutu ditugun jardunbide okerretatik; izan ere, jardunbide horiek areagotu baino ez dute egiten herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko duten mesfidantza. Horren aurrean, ezker subiranistak berriro aldarrikatzen eta berresten du munizipalismo garbia, ustelkeria arrastorik gabea: politika baliagarria, bizitoki-larrialdiari erantzuna ematea ardatz duena eta kudeaketa publikoan zorrotza.
Horregatik guztiagatik, EH Bildu Euskal Herriko herritarrei konfiantza eskaintzeko moduan dago, gobernu ekintza gisa, eta hori otsailaren 21ean agerian geratuko da Burlatan egingo duen IV. Konferentzia Munizipalistan.