Irailaren 27an 50 urte beteko dira Juan Paredes ‘Txiki’ eta Angel Otaegi Francoren erregimen faxistak fusilatu zituenetik. Egun horren bezperatan, bi ekimen esanguratsu izango dira Euskal Herrian: Borboiko Felipe Espainiako Erregea Euskal Herrian izango da bihar eta etzi, Nafarroan, bisita ofizialean. Aldi berean, irailaren 27an bertan, Guardia Zibilak ate irekien jardunaldia egingo du Bilbon. Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariak “probokazio bikoitzat” hartu ditu bata zein bestea.
Rodriguezek azpimarratu du laster beteko direla 50 urte Franco diktadore faxista hil zenetik. “Franco berak izendatu zuen Borboiko Feliperen aita bere oinordeko, egun Abu Dhabin ihes eginda dagoen Juan Carlos, eta horregatik da bera ere errege”. Espainiako Erregea, aldi berean, Euskal Herriaren “ukazioaren, zapalketaren eta zatiketaren ikur” dela adierazi du. “Horregatik guztiarengatik, Espainiako Erregea ez da ongietorria gure herrian. Euskal herritarrok ez daukagu erregerik”.
Bestalde, hurrengo larunbatean Guardia Zibilak Bilboko kaleetan egingo duen ate irekien eguna “onartezina eta larria” dela esan du EH Bilduren Ekintza Politikoko idazkariak. “Fusilamenduen 50. urteurrenaren egun berean, Guardia Zibila, milaka euskal herritarren oinarrizko giza eskubideen urraketen arduraduna, armak eskutan eta beraien armei gorazarre egiten Euskal Herriko kaleetara ateratzea probokazioa eta onartezina da”, adierazi du Rodriguezek. Zentzu horretan, gogora ekarri du Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten pelotoi frankista osatzen zuten boluntarioen artean guardia zibilak zeudela.
Horrez gain, Guardia Zibila 3.000 bat euskal herritarrei eragindako torturen egilea dela nabarmendu du, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako txosten ofizialetan. Guardia Zibila “inpunitate osoz” Bilboko kaleetara ateratzea torturaren biktimentzat “mingarria eta umiliagarria” dela esan du Rodriguezek. “Birbiktimizazioa baino ez du eragiten”. Gaineratu eta salatu du ez Guardia Zibilak ez haren arduradun politikoek ez dutela urratsik egin eragindako mina aitortzeko. Zentzu horretan, galdera zuzena egin die Euskal Herriko gainontzeko ordezkari politikoei: “Non daude beste kasu batzuetan giza eskubideekin eta biktimen errespetuarekin horren kezkatuta agertzen diren horiek? Ez al dute ezer esan behar? Noiz arte jarraituko dute ahalbideratzen Euskal Herrian lehen mailako eta bigarren mailako biktimak izan daitezen?”.
“Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzak eskatzen du biktima guztien aitortza eta erreparazioa; eskatzen du Guardia Zibilak herri honi eragindako minaren eta sufrimenduaren ardura beregain hartzea; eta eskatzen du ere herri honen zapalkuntzaren ikur eta berme diren horiek Euskal Herritik alde egitea”, amaitu du.