Biolentzia matxistaren biktimak artatzeko Egonaldi Ertaineko Egoitza Zentroan (CARME) 18 lanpostutik 7 kentzea ekarri duen murrizketa salatu du, kalitatezko laguntza emateko oztopo izango delakoan
Araba. 2025-07-02 | CARME biolentzia matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko zentroan Foru Aldundiak egindako murrizketak salatu ditu gaur EH Bildu Araba batzarkide taldeak.
Kontrolerako Osoko Bilkuran Gizarte Politiketako foru diputatuari egindako galderen bitartez, June Mugica EH Bildu Araba taldeko batzarkideak salatu duenez, % 30eko murrizketa egin du Foru Aldundiak ekainean argitaratutako plegu berrien arabera. Horrek ondorio argi bat du, Mugicaren esanetan: «Plantillaren %38 kaleratzea eta zerbitzua erabat prekarizatuta eta kalitatezko laguntza emateko aukerarik gabe uztea».
«Horrek guztiak, inpaktu zuzena dauka muturreko zaurgarritasun egoeran dauden emakumeen eta adingabeei eman beharreko arreta integralean. Hau da, baldintza berri hauek, bideraezin egiten dute hauen beharrei behar bezala erantzutea, eta hala salatu dute ere, baliabide honetan diharduten langileak», adierazi du batzarkideak.
June Mugicak gogora ekarri du Arabako Gizarte Zerbitzuen 2024-2030 Maparen zirriborroan ez dela aurreikusten biolentzia matxistako kasuak jaistea eta, beraz, horrek «Gizarte Zerbitzuen etorkizuneko eskariari eragingo dio». Gainera, salatu du Gizarte Politiketako diputatuak uko egin diola CARME zentroaren edukiera handitzearen konpromisoari: «Zergatik 2023an konpromiso bat zena, gaur ezin da bete? Non gelditzen dira Aldundiaren hitzak, diputatuak “zero tolerantzia jarrera matxisten aurrean, eta baliabideak biktimak babesteko” esan zuenean?».
Diputatua murrizketa justifikatzen saiatu den arren, zerbitzuen berrantolaketa aipatuz «eraginkortasun handiagoa» lortzeko, argi geratu da Sailaren asmoa ez dela zazpi familia-unitateri arreta ematea, nahiz eta sailak 2023an hori egiteko konpromisoa hartu zuen, zerbitzuak 7 langile gutxiago izango baititu.
EH Bilduren hitzartzeak bat egin du CARME zerbitzuko langileek eta hainbat gizarte eragilek egindako elkarretaratzearekin, egoera salatzeko. «Gure egiten ditugu CARME zerbitzuko langileen salaketa eta aldarrikapenak, azaldutako murrizketek arriskuan jartzen baititu, bai zerbitzuan eskainitako arreta, bai bertan lan egiten duten profesionalak. Sustatzen den ereduarekin, langileen prekarizazioa bultzatzen delako», amaitu du June Mugicak.