AKTUALITATEA


| 2025-07-03 10:46:00

Donemiliagako Udaleko eta Egilatz eta Durrumako kontzejuen ordezkariek agerraldia egin dute Batzar Nagusietan egoera salatu eta laguntza eskatzeko.

2025/07/03 Donemiliaga. Okiturriko industrialdea Donemiliaga udalerriko Egilatz eta Durruma kontzejuen artean dago, eta kritika gogorrak jasotzen ditu inguruan bizi diren pertsonei sortzen zaizkien eragozpen eta arazoengatik.

Industrialde honen jarduera nagusia logistika da, eta salgaiak errepidez garraiatzeko enpresa handiak barnebiltzen ditu. Horrek kutsadura-, zirkulazio- eta segurtasun-arazo ugari sortzen ditu, eta gaur Donemiliagako Udaleko eta Egilatz eta Durrumako kontzejuetako ordezkariek egoera salatzeko Batzar Nagusietan egindako agerraldian zehaztu dituzte.

Ainhoa Ibañez de Maestu Donemiliagako Udaleko zinegotziak adierazi bezala, "Batzar Nagusi hauetara jo dugu gure ezinegona adierazteko eta industrialde honek sortzen dizkigun eragozpenak eta arazoak konpontzeko edo arintzeko laguntza eskatzeko".