Agirre Lehendakaria Centerrek garatu duen Busturialdea-Urdaibairen etorkizunari buruzko entzuketa prozesuaren ondorioak ezagutu ondoren, EH Bilduk positiboki baloratu nahi du egindako lana, eta adierazi nahi du herritarrei eta Busturialdeko eragileei egiten zaien entzuketak berak eta horren emaitzak irakaskuntza bat ateratzeko balio behar dutela.
Ondorioak ezagutu ondoren ateratzen dugun irakaspenik garrantzitsuena da, horrelako irismena duen proiektu bat ezin dela bulego batean erabaki eta, ondoren, eskualde oso bati inposatu, inguruan bizi diren eta bizitzen jarraitu nahi duten bizilagunei ezin zaie burutazio bat inposatu.
EH Bilduk argi eta garbi adierazten du, herritarrak errespetatzen dituen gobernantza eredu batean, herriaren borondatea erabakien erdigunean kokatu behar dela beti. Gure ustez, gainera, Foru Gobernuak ez du erantzukizunez jokatu, Guggenheim Urdaibai proiektua baztertzeko erabakia bideraezina egingo luketen arrazoi teknikoetan kokatu baitu, gizarteak proiektua baztertzeak izan duen garrantzia saihestuz.
Guggenheim osteko fase honetan, Busturialdeko bizilagunen etorkizuna da lehentasunezkoa. Gu horretarako lanean ari gara, eta espero dugu Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere, behin betiko, eskualdearen garapenari modu integralean eta ikuspen estrategikoarekin aurre egitea.