Adinekoen egoitzetako zaintzaileak eguna joan eta eguna etorri, euren lan baldintzak hobetzeko ahaleginetan aritu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gutxiengo sindikalak eta gutxiengo patronalak adostutako lan hitzarmen bat babestu zuen. Zainketa eta Gizarte Politiketako batzordean gogoratu du hori Estitxu Elduainek, EH Bilduren batzarkideak, eta gehitu du: “orduan ere esan genuen, eta orain ere esaten dugu; Foru Aldundiaren eskumena eta ardura da adinekoen egoitzena, bere erantzukizuna da bertan bizi diren pertsonen zaintza duina, eta ezinbestean, bere erantzukizuna da bertako zaintzaileek lan baldintza duina izatea, zaintzaile duinik gabe nekez duinduko baita zaintza. Eta ardura ez ezik, giltza ere berak du, adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzetan: berak azpikontrataziora bideratzen duen dirua handitzen badu, eta enpresen gaineko klausulak zorrozten baditu, automatikoki hobetuko dira zaintzaileen lan baldintzak”.
Ezinezkoa da zaintza duintzea, zaintzaileak duindu gabe. Aldundiaren zuzeneko ardurapean daude adinekoen egoitzak, eta Aldundiak kudeaketa azpikontratatua du. 2022an berritutako EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legeak,horretarako artikulu argiak jasotzen ditu: 38. g) Erakunde publikoetako sektore feminizatuetan diharduten langileen lan-baldintzak hobetzea sustatuko dute, azpikontratazioa mugatuz edo, halakorik ezean, gizarte-klausulak ezarriz kontratazio publikoan, administrazio publikoan baliokide diren jarduera edo kategoria profesionalekiko homologagarriak diren lan- eta soldata-baldintzak bermatzeko moduan.
Lege horrek berak jasotzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoak sektore pribatuan ere elkarrizketa sustatu behar duela, zehazki feminizatutako sektoreetan. Aldundiak inplikatu egin behar du, beraz, eta ezin du esan ez dela bere ardura hitzarmenarena. Legeak diona betetzen hasteko eta zaintzaileen lan baldintzak duintzeko duen erantzukizunari aurre egiteko lehen saltoa emateko unea iritsi da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin du esan zaintzaren lurraldea denik, zaintzaileak prekarioan baldin baditu. Ezin dugu ahaztu, Elduaienek gogoratu duenez, “gaur egun, Gipuzkoan dauden adinekoen egoitzen %55a irabazi asmoa duten enpresek kudeatzen dutela, eta enpresa horiek irabaziak lehenesten dituztela langileen lan baldintza baldintza edo zaintza duina beraren gainetik. Garaia da irabazi asmoa zaintzaren ekuaziotik kentzeko.
Bestetik, aldundia erakusten ari den jarrerak oso gutxi du behin eta berriz aipatzen duen Gobernantza Kolaboratiboarekin.