AKTUALITATEA


| 2026-01-26 10:06:00

EH Bilduk ebazpen-proposamena erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta mozioa Donostiako Udalean, Kutxa Fundazioak Ayesaren dibisio teknologikoaren erosketa-operazioan parte hartu dezan eskatzeko.


Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean erregistratutako ekimenen bidez, EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die lan egin dezatela Ayesaren egoitza nagusia Donostiako Miramongo parke teknologikoan mantendu dadin. Era berean, Gipuzkoak konpainian benetako erabaki-ahalmena izan dezan, Kutxa Fundazioak operazioan parte hartu dezala eskatuko du ezker subiranistak.


EH Bilduk gogorarazi du Ayesaren erosketa Eusko Jaurlaritzak, BBK Fundazioak eta Kutxabankek (Indar funtsaren bidez) osatutako partzuergo batek egingo duela, eta operazio horrek Donostiako eta Zamudioko egoitzak barne hartzen dituela, eta Euskal Herrian 2.000 langile inguru dituen enpresa bati ere eragiten diola. Horregatik, funtsezkotzat jotzen du enpresaren errotzea bermatzea, kanpoko kapitalaren sarrerarekin lotutako deslokalizazio arriskuak saihesteko.


Digitalizazioaren sektorean erreferentziazko enpresa izanik, eta industriaren garapenerako tresna estrategikoa dela kontuan hartuta, ezker subiranistaren ustez ez da ulergarria Kutxa Fundazioa operaziotik kanpo geratzea; izan ere, haren parte-hartzeak bat egingo luke fundazioaren helburuekin eta ekarpen positiboa egingo lioke Gipuzkoako garapen ekonomikoari.


Horregatik guztiagatik, EH Bilduk erakunde eskudunei eskatzen die lan egin dezatela Gipuzkoak Ayesa ITn ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna izan ditzan, eta konpainiaren egoitza nagusia Donostian mantendu dadin, haren errotzea eta euskal ekonomiaren barruan duen eginkizun estrategikoa bermatuz.