Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Legez Besteko Proposamena aurkeztu du Kongresuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko pauso irmoak eman ditzala behingoz 1978ko sanferminetan Poliziak egindako errepresio bortitza argitzeko eta biktimen aitortza gehiago ez atzeratzeko. German Rodriguez gaztea hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen Poliziak 1978ko uztailaren 8an; guztira, 4.153 gomazko bala, 1.138 negar-eragile, 657 ke-pote eta 134 muniziozko bala jaurti zituzten. Mertxe Aizpurua bozeramaileak bihar Kongresuko osoko bilkuran defendatuko duen egitasmoak salatzen du gertakari haietatik 47 urtera inork ez duela erantzukizunik bere gain hartu, ezta egia, justizia eta erreparazioaren bidean aurrerapen eraginkorrik egin ere.
"47 urte igaro dira eta oraindik ere inork ez du gertatutakoaren erantzukizunik hartu, German Rodriguezen familiak eskatzen duen bezala. Behin eta berriz ezinezkoa izan dute ia ezer jakitea urteotan martxan jarritako ekinbide judizial, administratibo eta instituzionalei buruz", ohartarazi du Aizpuruak. 1983an artxibatutako sumarioak berriro ireki izanak ere ez du aurrera egin, nahiz eta kolektibo memorialistek eta biktimen senideek froga dokumental eta testigantza berriak aurkeztu.
Proposamenak zortzi eskaera zehatz egiten dizkio Espainiako Gobernuari:
1978ko sanferminetako gertakariak argitzea, gobernuak eskura dituen neurri eta ekintza guztiak hartuta.
Estatuko Administrazioaren esku dagoen dokumentazio guztia bidaltzea Nafarroako Parlamentuari, 2018an egindako eta erantzun gabe eskariari bide emanez.
German Rodriguezi eta 78ko sanferminetako biktima guztiei aitorpen instituzionala eta politikoa egitea, Memoria Demokratikoaren Legea betez.
Oroimen eta aitortza ekitaldi ofizial bat bultzatzea, elkarte memorialistekin, biktimekin eta Nafarroako erakundeekin elkarlanean.
Gertatutakoa argitzeko irekitako bide judizialean laguntzea.
1978ko sanferminetako eta Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko memoria elkarteak frankismoan eta Trantsizioan izandako giza eskubideen urraketak argitzeko berriki eratu den batzordean sartzea.
Gerra Zibilean, frankismoan eta Trantsizioan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean aurrera egitea, tartean sanferminetako eta martxoaren 3ko biktimentzat.
1968ko Sekretu Ofizialen Lege frankistari amaiera ematea eta gardentasunean oinarritutako esparru juridiko berri bat ezartzea, gertakariei buruzko dokumentu guztiak desklasifikatzeko.
EH Bilduk nabarmendu du indarrean dagoen lege-esparrua gorabehera –Estatuko Memoria Demokratikoaren Legea eta Nafarroako legedia–, Estatuko erakundeek oraindik ez dietela erantzun eraginkorrik eman biktimei eta Nafarroako gizartearen bidezko eskaerei. Egitasmo honen bidez, EH Bilduk memoria historikoarekin duen konpromisoa berresten du, egia, justizia eta erreparazioan oinarritutako elkarbizitzaren eraikuntzan aurrera egiteko borondatez.