AKTUALITATEA


| 2025-06-19 10:59:00

EH Bilduk hainbat neurri proposatu ditu gaur, mozio baten bidez, etxebizitza turistikoei buruzko araudia zorrozteko, herrietan zein hirietan duten inpaktu negatiboa kontrolatu eta ahal den heinean arindu behar delakoan. Izan ere, Itziar Muruak azaldu duenez, “etxebizitza turistikoen ugaritzeak gure herriak eraldatzen ditu: etxebizitzaren prezioak gora bultzatzen ditu, eta horrek bertako biztanleak kanporatzen ditu; zerbitzuak eta merkataritza eraldatzen ditu, bai eta bizikidetza arazoak sortu ere. Etxebizitza turistikoek sortzen duten inpaktua oso handia da, beraz. Jakin badakigu gure ekonomian turismoak garrantzi handia duela, baina bere inpaktu negatiboa kontrolatu behar da, eta etxebizitza turistikoak bere horretan turismoaren inpaktu negatibo gisa hartu behar ditugu, etxebizitza turistiko bakoitza bertakoentzat ohiko etxebizitza bat gutxiago bat delako, eta etxebizitza herritaren kezka nagusietako bat denean, bisitan datozen turisten egonaldiak ezin dira lehenetsi bertakoen etxebizitza eskubidearen aurretik”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, “arazoa ez dago etxebizitza turistiko ilegaletan bakarrik, etxebizitza turistikoak berak bere horretan dira arazoa, baita legalak direnean ere, eta arazoa ez dago etxebizitza dagokionez tentsionatutako guneetan bakarrik, turistikoki saturatuta daudenak ere badaudelako”. Azken puntu honen haritik, ezker subiranistak proposatu du Jaurlaritzak turistikoki saturatutako guneak izendatzeko araudia sor dezala eta, horretarako, besteak beste, herri zein auzoak bizigarri izan daitezen turismo karga-ahalmena zehaztu dezala.

Muruak defendatu duen proposamena haratago doa, Jaurlaritzari eskatzen baitio etxebizitza turistikoen lizentziek iraungipen data izan dezatela, tokian tokiko errealitatearen araberako erabakiak hartu ahal izateko, eta lizentziak eskuratzeko jarduera abiatu aurretik, udalek aldeko txostena ematea ezinbesteko baldintza izan dadila.