AKTUALITATEA


| 2025-05-06 10:30:00

Osasun Itunerako Mahaia bihar batzartuko da berriz ere Gasteizen eta, bilera horren bezperan, EH Bilduk ohartarazi du “prozesu horrek, bere horretan, ez duela berez ekarriko Osakidetzak egun duen egoera konpontzea”. Rebeka Uberak adierazi duenez, eztabaidagune hori “ez da errezeta magikoa izango Osakidetzaren arazo guztiak konpontzeko, eta hori argi esan behar zaie herritarrei frustrazioak ekiditeko, Osakidetzak behar dituen soluzioak Jaurlaritzak hartu eta garatu beharreko neurrien inplementaziotik etorriko direlako. Hori argi utzi behar da, Osasun Saila berea bakarrik den erantzukizun hori kanporatzen saiatu delako jendartearen aurrean prozesu honen hasieratik. Osasun Mahaian aldaketarako oinarriak jaso ditzakegu, eta horretan ari gara, baina Gobernuak bere lana egiten ez badu, ba alferrikakoa izango da. Osasun Ituna, zerbait izango bada, abiapuntu bat izango da. Eta horren gauzapenean egongo da gakoa, Osasun Sailak bere ardurak hartzean, alegia”.

Alde horretatik, erantsi du, “esan dezakegu minimo batzuk jasotzen dituzten dokumentuak lantzen eta adosten ari dira, baina gakoa oinarri horien inplementazio praktikoa izango da, horien zehaztapena, zer nolako neurriak hartuko dituen Jaurlaritzak horiek garatzeko, zeren ezin dezakegu ahaztu hitzetatik ekintzetara pasatzea Osasun Sailaren erantzukizun esklusiboa izango dela”. Uberak hor ipini du azpimarra, “Gobernuak prozesua instrumentalizatzeko tentazioa izan dezakeelako Osakidetzaren egoeraren ardurak, bereak direnak, sakabanatu eta kanporatzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Osasun Mahaia eragile desberdinen begiraden arteko trukaketa bat, gutxieneko adostasunak bilatzeko ariketa bat, izaten ari da batez ere, eta prozesua aberasgarria izaten ari da”, besteak beste, Osasun Saila duela gutxira arte atzera bota dituen hainbat planteamendu orain onartzen ari delako.

Hori horrela, Uberaren irudiko, “egunotan ixten ari diren dokumentuetan jasotako gutxieneko adostasunek aldaketarako bidea ireki dezakete, eta horrek tarte bat irekitzen du itxaropenerako, baina, bestalde, kontrako norabidean, zenbait eragileren aldetik dagoen korporatibismoa ere ikusi dugu, interes partikularrak pazienteen aurretik jartzeko inertziak. Hori ere badago, eta Osakidetzaren egoerari buelta emango badiogu, hori ere aldatu beharko dugu. Horren aurrean, soluzioa pazienteak erabakiguneetan txertatzea da, hori baita bermea korporatibismoari aurre egiteko”.

Legebiltzarkideak kezka ere plazaratu du, “Osasun Sailak ez diolako heldu nahi Osakidetzan dugun korapilo potoloenetako bati, publiko-pribatuaren arteko harremanari, hain zuzen ere. Osasun sistemaren etorkizunari begira, funtsezkoa da horren inguruko eztabaidari serio heltzea, baina erresistentziak nabarmenak dira oraindik Gobernuan. Atal zehatz horri dagokionez, ezin gaitezke baikorrak izan”.

Uberak Osasun Mahaiaren lana ardaztu behar duten hiru oinarri nagusiak zehaztu ditu: “Pertsona, pazientea, Osakidetzako erabiltzailea erdigunean jartzea; Osasun Sistema Publikoaren egoera iraultzeko eta eraldatzeko palanka izan daitezkeen elementuak txertatzea, eta Osakidetzaren pribatizazioari atea ixtea, Osasun Sistema Publikoa indartzeko”.