Goiango industrialdean Jaurlaritzak airearen kalitatea modu etengabean neurtzeko estazio bat instalatu dezala proposatu du gaur EH Bilduk Legebiltzarrean, Goiain eta Urrunaga inguruko bizilagunek urteak daramatzatelako usain eta zarata arazoak pairatzen, OTUA Taldearen faktoriek jardunaren ondorioz. Goiain eta Urrunagako administrazio batzarrek, bizilagunek eta Legutioko Udalak behin eta berriz eskatu dute estazio hori jartzea, eta OTUA Taldeak berak ere begi onez ikusten du atmosferaren kutsadura modu jarraituan monitorizatzea. Hala eta guztiz ere, Legebiltzarrak ez du EH Bilduren proposamena onartu, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dutelako.
Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak gobernukideen erantzuna kritikatu du, “ulertezina delako arazoa dagoen tokian airearen kalitatea modu etengabean neurtzea xede duen proposamen bat atzera botatzea, areago enpresa bera ere ados dagoenean”.
Villalbak azpimarratu duenez, “arazoa ez da nolanahikoa, jokoan daudelako Goiain eta Urrunaga inguruko bizilagunen bizi-kalitatea eta osasuna; izan ere, kontuan hartu behar da Goiango industrialdean potentzialki kutsakorrak diren hainbat enpresa daudela, eta zarata arazoak, usainak eta partikulen isuriak sortzen dituztela. Hortaz, argi dago zein den arazoa konpontzeko egin beharreko lehenengo urratsa, estazio bat instalatzea, alegia, atmosferaren kutsadura modu jarraituan monitorizatzeko eta airean dauden kutsatzaileen kontzentrazioa neurtzeko. Ezinbestekoa da informazio hori eskuratzea behin betiko konponbidea lortzeko”.