AKTUALITATEA

| 2026-02-10

Aurtengo Aberri Eguna Iruñean egitea erabaki du EH Bilduk, eta bertan parte hartzeko deia egiten die euskal herritar guztiei. Euskal Herriko hiriburuan izango da, beraz, Aberri Eguna ospatzeko ezker subiranistak aukeratutako kokalekua, azken urteetan egin duen bezala.

Iruñeko kaleak beteko dituen egitarau zabala prestatzen ari da dagoeneko EH Bildu aurtengo Aberri Egunerako. Hitzordu nagusia, urtero legez, eguerdian izango da: Nafarroako hiriburuko kaleak hartuko dituen manifestazioa. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa Golem zinemetatik.

“Zazpiak bat egin” da EH Bilduk aurtengo Aberri Egunerako aukeratutako leloa. Hain justu, bizi dugun nazioarteko testuinguruan, ziurgabetasuna nagusi den garaiotan, proiektu kolektiboak inoiz baino garrantzitsuagoak direla uste du ezker subiranistak. Joan den urtarrilean nazioarteko egoeraren analisi sakon eta zorrotza egin zuen EH Bilduren Mahai Politikoak, eta orduan ere herritarrei ziurtasuna emango dien proiektu kolektiboen beharra azpimarratu zen. Euskal Herria da, hain justu, ziurtasuna eman dezakeen proiektu kolektibo hori: erreferente antifaxista delako, eta justizia soziala eta bertako herritar eta gizarte sektore zabalen bizitzetan segurtasuna eskaintzeko gai dena.

Horrenbestez, Euskal Herriak irudikatzen duen proiektuarekin bat egiteko aukera izango da EH Bilduk Iruñean egingo duen Aberri Egunean, eta egitasmo horrekin bat egiteko deia izan nahi du apirilaren 5ekoak: faxismoari aurre egiteko, euskal herritarren bizi baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak bermatzeko, eta oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren aurrean euskararen biziberritzea aldarrikatzeko. Finean, ziurgabetasuna nagusi den garaiotan ziurtasuna emango duen zerumuga erdiesteko, hain zuzen, ezkerreko soberanismoak helburu duen Euskal Errepublika.

Adierazgarria da azken egunetan ezagutu dugunez Trumpek Idahon ikurrina debekatzeko duen asmoa. Bada, bizirik dagoen, duela 40 urte NATOri ezetz esan zion eta garai historiko honi aurre egiteko gai den Euskal Herriaren ikur nazionala astinduko dugu apirilaren 5ean Iruñean, eta asmo honekin bat egiteko deia egiten diegu euskal herritar guztiei.