EH Bilduk Aberri Eguna ospatu du Iruñeko kaleetan, azken urteetan egin duen bezala. Eguneko bi ekitaldi nagusiak hauek izan dira: eguerdian Golem zinemetan abiatu den eta milaka militante eta jarraitzaile elkartu dituen manifestazioa eta, mobilizazioa amaitu ondoren, Takonera parkean egin den ekitaldi politikoa. Ekitaldi politiko horretan hitza hartu du Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, eta ziurtatu du euskal ezker subiranistaren proiektuak “segurtasuna, konfiantza eta itxaropena” eskaintzen dituela ziurgabetasun eta arduragabekeria garaiotan.
Otegik azpimarratu du Euskal Herria euskal herritarren aberria dela, eta Euskal Herria esparru nazionala dela, hau da, eszenatoki justuago eta bidezkoago bat eraikitzeko baldintzak ezarri behar diren eremua. Zentzu horretan, jendea babestuko duen Euskal Herri laiko, feminista, sozialista eta demokratiko baten aldeko aldarria berretsi du. Era berean, nabarmendu du EH Bilduk bizitza-proiektu seguru eta integralak eskaintzen dizkiola gehiengo herritarrari. Horretarako, beharrezkotzat jo du politika ekonomiko eta sozialak erdigunean jartzea; oinarrizko eskubideak bermatzea, hala nola hezkuntza, osasuna eta etxebizitza, eta aberastasunaren sorrera eta banaketa bidezkoa bultzatzea. “Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten guztiak duintasunez eta segurtasunez bizitzeko herri justu eta zintzoa izan nahi dugu”, esan du.
Otegik nabarmendu duenez, euskal herritarrek “gero eta gehiago partekatzen dituzte gure printzipioak eta balioak”. Hori gertatu da, beste pertsona askorekin batera, EH Bilduk urteetan egin duen borroka politiko, ideologiko, instituzional eta masa borrokari esker. Modu horretara, Euskal Herria, gaur egun, feminista, sozialista, abertzalea, subiranista eta aurrerakoia da, Otegiren hitzetan. Horrek guztiak ekarri du, herri hau izatea greba feminista bat egin duen lehena, gutxieneko soldata handiagoa eskatzeko greba orokorra egin izana, milaka lagunek parte hartzea euskararen aldeko Korrikan, Euskal Selekzioa-Palestina futbol partidan euskal jendarteak palestinar herriarekiko erakutsitako elkartasuna, NATOri ezetz esan ondoren euskal gizarteak adierazten duen jarrera antiimperialista....
EH Bilduren idazkari nagusiak azpimarratu du ezker subiranista lanean aritu dela azken urteetan herri honek urrats kualitatibo bat eman dezan beharrezkoak diren baldintzak ezartzeko, eta ziurtatu du estatus politiko ezberdinen inguruko eztabaidek horretara eraman behar dutela Euskal Herria osoan, betiere esparru eta erritmo ezberdinak errespetatuz. Hala, “lasaitasunaren eta epe luzerako ikuspegi estrategiko baten” alde egin du, ezarritako helburuak lortzeko. Zentzu horretan, gogora ekarri du Euskal Herriak bere burujabetza berreskuratzeko borroka luzeetatik datorrela. Hala, foruen ezabatzeaz 150 urte betetzen direla aipatu du eta 50 urte alkateek Bergaran foruen berreskurapena eskatu zutenetik. “Urrutitik gatoz, poliki goaz, eta urrutira begiratzen dugu, Euskal Errepublikara”, esan du.
Gerrari ezetz esatea eta autoritarismoari galga jartzea izan dira Otegiren diskurtsoaren eta EH Bilduren Aberri Egunaren beste bi ardatz nagusiak. Horren adierazle, kubatar batek eta palestinar batek ireki dute manifestazioa, eskuetan Picassorem ‘Guernica’ margolanaren txoria eskuetan zutela. Otegik ezker soberanistaren izaera antiinperialista eta gerraren kontrakoa azpimarratu du eta munduan inposatzen ari den desordena inperialista eta neoliberalaren aurrean, arauak eta herrien subiranotasuna eta autodeterminazioa dituen ordena multipolarraren aldeko apustua egin du. Autoritarismoaren gorakadaren aurrean, Otegik fronte zabalak osatzearen eta gutxieneko programen gainean indarrak batzearen alde egin du, eta etsaia ez nahasteko beharra azpimarratu du. Era berean, herri akordioak eraikitzeko deia egin du.
Aberri Eguna ospatzeko, Iruñeko hainbat tokitan adin guztietako jendearentzako hainbat kultur eta musika ekitaldi antolatu dira. EH Bilduk Espainiako Estatuko hainbat indar soberanista eta ezkertiarrekin batera osptu du Aberri Eguna: ERC, Compromís, BNG, CUP, Més Per Mallorca, Més Per Menorca, Comunistes de Catalunya, Catalunya en Comú, Adelante Andalucia eta Más Madrid.