Fiskalitatearen “izaera bidezkoa, progresiboa, ekitatiboa eta solidarioa ziurtatzeko aldaketak ezartzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta ekintzailetza, ETEak eta kalitatezko enplegua sortzen duen ekonomia bultzatzeko” helburuz, besteak beste, abiatu zen Gipuzkoan, EH Bilduk sustatuta zerga-erreforma helburu zuen bidea, ponentzia bat eginez. 2024Ko uztailean prozesua amaitu eta herrialdeko hiru indar nagusien adostasunarekin itxi zen dokumentua.
Dokumentu horrek izan behar zuen foru araua egiteko oinarria. Aitzitik, bihar, maiatzak 7, Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartuko den foru araua adostutako dokumentu horren letra eta izpiritutik urrun dago.
“Aukera galdu bat izango da Europako diru-bilketa publiko mailara hurbiltzeko, horren ordez, Europa iparraldeko herrialdeetatik urrunduko gaituzte eta aberatsek inon baino gutxiago ordaintzen jarraituko dute”, EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide Haritz Perezek azaldu duenez.
Gipuzkoako zerga sistemak dituen injustiziak zuzentzen hasteko, gehien irabazten dutenek benetan gehiago ordaintzeko, Nafarroako bidea proposatu du EH Bilduk.
Hala azaldu du Perezek hautua: “Nafarroako bidea, zergak justuagoak eta progresiboagoak direlako bertan, nafar gobernua sustengatzen duten indarrek gehiengo zabal bat osatzen dugulako Gipuzkoan ere eta ikuspegi abertzale batetik norbaitekin harmonizatu behar bagara Nafarroarekin delako eta ez Ayusoren Madrilgo gobernuarekin.”
Osakidetzak, berrindustrializazioak, edota zaintza politikek eskatzen digute jada inbertsio publiko gehiago. Aukera galdu bat izango da gure gizarte zein ekonomiari segurtasuna emateko beharrezkoa den zerga erreforma baterako.