AKTUALITATEA


| 2025-05-05 17:19:00

Senatuko Kultura Batzordeak aho batez onartu du Espainiako Gobernuari eskatzea aurkez dezala, 2025eko bigarren seihilekoa baino lehen, gazteentzako bonu kulturalaren eraginari buruzko «txosten osoa eta zehatza», EH Bilduk egindako eskaera baten harira. Josu Estarrona senatariak bultzatutako eta defendatutako egitasmoa aurrera atera da talde parlamentario guztiek babestutako erdibideko zuzenketa bati esker.

Mozioak arreta berezia jartzen du, besteak beste, lurralde-banaketan eta atxikitako entitate motaren araberako banaketan, baita kontsumo sektoreen eta azpisektore kulturalen banaketan ere. Era berean, EH Bilduren egitasmoak Kultura Ministerioari eskatzen dio aztertu dezala ea bonuak «balio duen gazteak kultura anitzera gerturatzeko, kontsumo digital edo masibora mugatu gabe», gazteen hurbileko kultur eskaintzan duten eragina indartzeko asmoz.

Ildo horretan, bonuaren onuradunen profil sozioekonomikoan, demografikoan eta geografikoan jartzen du arreta mozioak, lurralde osoan sarbide zuzena bermatzeko. «Ezinbestekotzat jotzen dugu ebaluazio zehatz bat egitea, zer ondorio izaten ari den eta aurreikusitako helburuak lortzeko balio duen jakiteko», adierazi du Estarrona senatariak.

 

Azterketa independentea

Azkenik, Senatuak galdegin du «2025. urteko ustiapen estatistikoan adierazle espezifikoak txertatzea bonuaren kontsumoari eta erabiltzaileen profilari buruzko informazio zehatza lortzeko», Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuekin osatze aldera.

«Programaren ebaluazio independentea egin behar da, kultur sektorearen parte-hartzearekin, programa birformulatu ahal izateko, eraginkorragoa eta eskuragarriagoa izan dadin», zehazten du mozioak.