Arkaitz Rodriguez:
Euskal gizartearen gehiengo zabala bat dator gaurko mobilizazioarekin eta haren aldarrikapenarekin. Gehiengo politiko, sindikal eta soziala bat dator gaurko mobilizazioaren leloarekin. Ez Palestinako genozidioari, ez gerrari eta bai bakeari, nazioarteko zuzenbideari eta giza eskubideen errespetuari.
Euskal Herria Palestinaren kontrako genozidioari eta, oro har, gerraren hedapenari ematen ari zaion erantzuna eredugarria izaten ari da, harrotasunerako motiboa da. Beste behin ere, Euskal Herria, historiaren alde zuzenean kokatu da.
Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren bezperan, Portugalgo krabelinen Iraultzaren urteurrenean, herri honek mezu argia igorriko dio munduari: ez genozidioari, ez gerrari, ez inperialismoari, ez autoritarismoari, eta bai bakeari, bai nazioarteko zuzenbideari, bai gatazken konponbide elkarrizketatuari, eta bereziki, bai herrien burujabetza eta autodeterminazio eskubideari.
Azkenean herriek eta gehiengo sozial eta langileek ordaintzen dituztelako gerrak, eta ez dugulako ametituko. Beste behin ere, herri honek frogatuko du herri duin eta solidarioa dela, genozidioak babesten ez dituena eta gerra kriminalen aurrean makurtzen ez dena.