GERNIKAKO BONBARDAKETAREN URTEURRENA
Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrena betetzen da, Otxandioko bonbardaketaren 90.a eta euskal foruen abolizioaren 150.a. Data oso sinbolikoak dira, nazioarteko testuinguru politiko jakin batean gertatzen direnak, gerra global baten agertokira bultzatu nahi gaituzten une honetan.
Euskal Herria Bildu gerraren, eskalada belikoaren eta industria militarraren aurka egon da beti. Armak erabiltzeko egiten dira; eskaladak gerra dakar, eta gerrak gerra deitzen du.
Gerra globala mehatxu existentziala da zibilizazioarentzat eta planeta osoarentzat; eskubideetan atzerapena dakar eta jada ikusten ari garen ondorio sozial eta ekonomikoak ditu, adibidez, bizitzaren garestitzean. Gaur egun, gerrak ekonomian eta pertsonen bizitzetan dituen ondorioei aurre egiteari buruz doa eztabaida politikoa.
Bakearen, giza eskubideen, justizia sozialaren eta nazioen subiranotasunaren alde egiteko unea da. Historiaren bidegurutze honetan, oso ondo jakin behar da non kokatu. Gernikako herria da hau: bertatik bertara dakigu gerrak zer dakarren, eta esperientzia historiko horretatik abiatuta, gaur bakea, justizia soziala eta nazioen subiranotasuna aldarrikatu nahi ditugu.
ENPLEGU PUBLIKOAREN LEGEA
Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko adostasun zabala eta akordio handi bat lortzea posible da. Zalantzarik gabe, aukera bat dugu gure eskuetan, euskararen aurkako oldarraldi judizialak larriagotu duen blokeoari eta arazo sozial eta politiko bati maila handiko soluzioa emateko. Modu inklusiboan egin daiteke, herri honetako sentsibilitate politiko guztien parte-hartzea bilatuko duen eztabaida lasai baten bidez.
Ildo horretan, datorren astean sindikatu guztiekin bilduko gara —CCOO, ELA eta LABrekin— eta alderdi guztiekin elkarrizketa irekia mantenduko dugu. Gure ustez, PSEk soluzioaren parte izan behar du, ikuspegi inklusibo batetik.
Soluzio honek funtsezko hiru printzipio politikotan oinarritu behar du: hizkuntza-eskubideak nazioarteko zuzenbideak babestutako oinarrizko eskubide gisa errespetatzea; bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasun eraginkorra; eta gaur egun euskara ez dakiten pertsonekiko malgutasuna eta enpatia; haiei ikasteko aukera bermatzeko ardura dugu, euskara jakitea eskubide bat delako. Printzipio horien gainean, tradizio politiko desberdinen arteko akordioa bilatzea posible da.
Eztabaida juridikoari zorroztasunez heldu behar zaio, adituak entzunez, eta ziur gaude lortu daitekeela. Ziurgabetasun testuinguru baten aurrean, eta eskubideak zein identitateak mehatxatzen dituen eskuin muturraren aurrean, herri-ikuspegia eta erantzukizun handiena duten irtenbideak proposatzeko garaia da.