Esquerra Republicana de Catalunya eta Euskal Herria Bilduko zuzendaritzak Bartzelonan bildu dira gaur bi indar politikoen arteko harreman estrategikoetan sakontzeko eta nazioarteko egoera konplexua aztertzeko; gerrak, eraso inperialistak eta olatu erreakzionarioak mehatxu bat dira Kataluniaren eta Euskal Herriaren etorkizunarentzat.
Giro eraikitzailean egin dute bilkura Kataluniako alderdi independentistaren egoitza nagusian, ezkerreko bi indar subiranisten harreman sendo eta egonkorren fruitu.
ERCk eta EH Bilduk elkarlan eta batasun estrategikoa partekatzen dute 2019az geroztik Kataluniako herritarren eta euskal herritarren interes amankomunak defendatzeko eta nazio justu eta askeak eraikitzeko bidean pausoak ematen jarraitzeko.
Bi alderdietako buruzagi nagusiak izan dira bileran: Oriol Junqueras ERCko presidentea eta Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia. Elisenda Alamany ERCko idazkari nagusiak, Oriol Lopez ERCko idazkari nagusiaren albokoak, Sonia Jacinto EH Bilduko Antolakuntza idazkariak eta Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Harreman Politikoetarako idazkariak ere parte hartu dute bileran.
40 urte NATOri ezetz esan genionetik
Hain justu, Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrek NATOn sartzearen aurka bozkatu zuten erreferendumak 40 urte beteko dituen astean egin dute bilera. Bi indar politikoak kezkatuta agertu dira nazioarteko egoerarekin, eta bakearen, herrien burujabetzaren eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuaren alde apustu irmoa eta ausarta egiteko unea dela nabarmendu dute.
Ildo horretan, ohartarazi dute gutxi batzuek bultzatutako deriba militarista eta belizistak ondorio zuzenak izango dituela herritarren bizi-baldintzetan. Gogorarazi dute gerrak langileek eta herri sektoreek ordaintzen dituztela beti. Hori dela eta, ERCk eta EH Bilduk diplomazia, negoziazioa eta ezberdinen arteko akordioak defendatu dituzte bakea bermatzeko biderik onena dela iritzita.
ERCk eta EH Bilduk modu bateratuan jorratzen duten ekintza batasunaren egiteko nagusia gure nazioen eskubideak defendatzea eta burujabetza osoa lortzeko bidean 78ko erregimenaren hipotekak gaindituko dituen Estatu eredu plurinazionala bultzatzea da.
Helburu horrek Katalunia eta Euskal Herria nazio gisa aitortzea ekarri beharko luke ezinbestean, esparru guztietan katalana eta euskara hizkuntza ofizial gisa aitortzearekin batera.